Orain ikusten duzu?

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2020ko ira. 23a, 12:14

Nik uste aitak trauma sortu zidala txikitan tabakoaren kontura. Asko-asko erretzen zuen. Une orotan. Baita otorduetan ere. Ducados. Bi edo hiru pakete egunean.

Bihotzekoak jo zion arte, noski. Ez zen hil; baina hortxe-hortxe ibili zen. Eta beti pentsatu izan dut ordutik eta horregatik diodala gorrotoa tabakoari.

Tabakoaren inguruko guzti-guztiak ematen dit atzeraka: keak, usainak, soinuak, testurak... Adibidez, tabakoaren inguruko albisteak ez ditut irakurtzen nik, baldin eta erretzen ari den pertsona baten argazkia badaramate. Ezin dut. Benetan.

Edo, adibidez, ez eskatu niri piztuta duzun zigarrokinari eusteko zuk jertsea janzten duzun bitartean. Ez dizut hartuko. Nahiago nuke azazkalen azpitik orratzak sartzea, horrek hozki txikiagoa sortuko bailidake.

Hartara, nire txalorik beroenak helarazi nahi dizkiet aurreko batean Arrotxapeko Maiteminduen Parkean ordubete pasatxoan 3.400 zigarrokin bildu zituztenei. Nik ezin izanen nukeen halakorik egin, ez bada Fukushiman sartzeko moduko jantzi hermetiko batekin.

Auzoko Ezkaba aldizkariak antolatu zuen garbiketa, erretzaile arduragabeek zigarrokinak lurrera botatzerakoan sortzen duten kutsaduraz ohartarazteko. Ekintza sinbolikoa izan zen, ziurrenik parkea hurrengo egunean zigarrokinez bete baitzen. Baina, bederen, espero dut balio izana erretzaile arduragabe gutxi batzuek ikus dezaten eguneroko keinu hori zerrikeria hutsa dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!