Kolore guztietako poliziek banatzen duten egurraren kontra gaude. Nola ez. Ez, ez, ez, errepresiorik ez! Baina zer gustura ikusiko genituzke polizia horiek kaleak hartu dituzten ultraeskuindar espainolistak egurtzen, ezta?
Ez dute eginen, noski. Espainiako poliziak eta ultra horiek senideak baitira, edo kuadrilla berekoak, edo futbol talde berdinak animatzen dituzte, edo boto-paper berdina sartzen dute hautetsontzian.
Eta egiten ez dutenez, behin eta berriz haserretzen gara gu [eta zuk aukeratu zein den "gu" hori], gure aurka kolore guztietako errepresioak erabiltzeko batere beldurrik ez dutelako.
Azken 40 urteetako Espainiako gobernurik aurrerakoiena ez da ausartzen poliziak legea guztion begi bistan hausten ari diren horien kontra bidaltzen. Beldurrak hartuta baitago. Eta horregatik ikaragarri kostatzen zaio eskuina pixka bat molesta dezakeen ezein neurri hartzen. Beldur diolako.
Zaila da norberaren beldurra uxatzea. Eta are gehiago bertzearen beldurra uxaraztea. Baina hori jakinda ere, baten bati zer edo zer bururatzen zaio Espainiako eta Frantziako gobernuek beren kartzela politika ankerrak alda ditzaten? Presoak beren etxeetatik gertu egon daitezen? Preso gaixoak eta zigorraren zati handi bat bete dutenak kalera atera ditzaten? Presoen bakartzeekin buka dezaten?
Kartzelan inor gehiago hil ez dadin?