Nafarroa Garaian Erregimena erraten diogunaren zutabeetako bat da PSN. Hartara, gaur-gaurkoz, ezin-ezinezkoa da PSNrekin aldaketa soziopolitikorako akordioak lortzea; ezkerraldeko noranzkoan, erran nahi dut.
Atzo goizean zabaldu zen notizia, Lizarrak berriz ere alkate jatorra izanen duela, orain dagoen Navarra Sumako euskarafoboaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu baitzuten. Hasiera batean, albistea zabaltzeko moduagatik, bazirudien EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik babesten zutela jokaldia. Baina baita zera ere!
Berehala atera zen PSN erratera mozio hori sinatu zuten PSNko bi zinegotziek une hartantxe utzi ziotela PSNren zinegotzi izateari. Eta hala da. Jorge Crespo eta Magdalena Hernandez sozialistek Koldo Leoz abertzalearen aldeko botoa emanen dute bi aste barru eginen den bozketan, baina PSNko zinegotzi izan gabe.
Bi aste!!
Barkatuko didazue, halakoetan pixka bat pelikuleroa bainaiz. Baina... Bi aste?! Bi astetan Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak bi zinegotzi horiei trama bat aurkitzen edo sortzen ahal die, sexua eta Suitzako kontu korronteak nahasten dituena. Edo bi astetan bi zinegotzi horiek istripuren bat izan dezakete. "Istripuren bat".
Kontuz ibil daitezela, katxiporreta.