Hemen ez da ezer aldatzen diskoko Asteburu guztietan kantan bikain kontatu zigun Leihotikan taldeak zer gertatzen zen Iruñean 1990eko urteetan. Ordu hartan guk gaztelaniaz bronca deitzen genuen hura astebururo-astebururo gertatzen zen: Espainiako Poliziaren eta gazte antolatuen arteko borrokak.
Garai hartan, istiluak eragiteko Espainiako poliziek kasko zuriak zeramatzaten. "Kasko zuri hiltzaileak" deitzen ditu Leihotikanek bere kantan. Eta, bai, inoiz kasko zuri horiek hil zuten inor. Alejandro Gorraiz, 77 urtekoa, adibidez. Poliziek jaurtiriko ke pastilla bat bere etxean sartu zen eta ke gaizto hura arnasteagatik hil zen handik gutxira.
Alejandro Gorraizen izena iltzatuta gelditu zitzaidan niri, polizien zigorgabetasunaren oroigarri. Kasko zurien inpunitatea erabatekoa izan baitzen Iruñean. Txuma Olaberri gaztea oso gertutik jaurtiriko gomazko pilota batekin buruan jo zutenean bezala. Edo Mikel Iribarren gaztea oso gertutik jaurtiriko ke poto batekin buruan jo zutenean bezala.
Atzo, Twitterreko Tapala erabiltzaileak gogoratu zuen Iribarrenen kasua, herenegun 28 urte bete baitziren Poliziak %37ko desgaitasuna eragin zionetik. Eta beharrik inork kasua gogoratu duen. Lepoa eginen bainuke iruindar askok eta askok ez zutela bere garaian albistearen berri izan eta orain gehien-gehienek ez dutela ideia zipitzik ere zertaz ari garen.
Memoria eskasekoak baikara. Are gehiago hedabide handi eta ertain guztiak botoretsuen esku dauden honetan. Horregatik, astun samarrak izatea bertzerik ez dugu, eta hemen gertaturiko hura behin eta berriz gogoratu; memoria, bederen, inpunitaterik gabekoa izan dadin.