Esporrin

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2019ko urr. 1a, 12:35

Gauza erraza da Maite Esporrinez barre egitea. Esporrin, maiatzeko udal hauteskunde gauean zintzurra urratu arte "Agur, Asiron, agur, agur" kantatu zuen hura. Esporrin, Iruñeko alkatetza Enrique Maia ultraeskuindarrari oparitu zion sozialista hura. Eta bai, erraza da Esporrin irrigarri uztea. Ateraldi xelebreak izaten baititu. Gure artean arraroa den abizena baitu. Patinete elektrikoaren aldeko aldarria egin eta gero patinete elektriko batekin istripua izan baitzuen. Baina barre erraz eta arinetatik harago, Esporrinek eta bere jarrerek kezkatzeko moduko gauzak dituzte. Jakinen duzue datorren hauteskunde kanpainan "Orain Espainia" leloa erabiliko duen PSOE alderdiak ez-nazionalistatzat duela bere burua. Eta erran ohi duela nazionalistak ezin direla ezkertiartzat jo. Eta hori dela ezkerren arteko akordioetatik at abertzaleak kanpo uzteko argudietako bat, eta guos guos guos. Baina, gero, batere lotsarik gabe, PSOEren bozeramaileek -Esporrinek, adibidez-, ezkerreko jarreren aurkako mezuak botatzen dituzte. Konparazio batera, Iruñerriko Mankomunitateko bere hautagaitza aurkeztu zuelarik, Maite Esporrinek adierazi zuen ez zuela begi onekin ikusten, EH Bilduk proposatu bezala, hondakinen bilketa langile publikoek egitea. Oharkabean pasatu zen langile publikoen aurkako mezu hura. Eta nik honera ekarri nahi izan dut. Lurraldetasun eta nortasun kontuez landara, Esporrinek eta bere lagun "sozialistek" zein gizarte mota sortu nahi duten argi izan dezagun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!