Lola pitonisa lanik gabe geldituko litzateke Iruñeko Udalaren inguruko politikagintzaz iragarpenak egin beharko balitu. Erran nahi baita oso erraza da asmatzea nola jokatuko duen orain alkatetza duen indar ultraeskuindarrak. Iragan larunbatean egin zuten alkate Enrique Maia PSN alderdi espainolistaren jokaldiari esker, eta dagoeneko argitu du zein izanen diren bere lehenbiziko erabakiak:
- Aurreko legealdiaren azken osoko bilkuran (!!) onartu zuten euskararen ordenantza berria bertan behera utzi.
- Berdintasun eta Parte-Hartze alorrak ezabatu.
- Armada etorbideari 'Armada etorbide' izena itzuli.
- Pio XII.a etorbidean autoei kendu zitzaien tokia berriz ere autoei eman.
- Txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko modua aldatu, herritarrei erabakitzeko aukera kentzeko
- Eta abar.
Kontzientzia politikoa dudanetik, Iruñean halako neurri erreakzionarioak hartu izan dituzte udal agintariek beti. Eta halakoei lubakietatik egin izan diegu aurre. Ahal izan dugun moduan. Eta, ados, lubakietara itzuliko gara, eta duintasun osoz borrokatu gara. Baina beti bezala bataila ia gehienak galduko ditugu.
Horregatik, fabore bat eskatu nahi dizuet halako giro itogarrian bizi ez zaretenei: euskaraz bizi nahi dugunoi, hiri jasangarri eta atseginago bat nahi dugunoi, berdintasunean eta herritarren parte-hartze demokratikoan sinesten dugunoi hemendik aurrera Iruñean gertatuko zaizkigunak aztertzeko orduan, abiatu zaitezte premisa batetik: UPNk agintea izatea da gerta daitekeen gauzarik makurrena -ez da bertze ezein aukerarekin parekatzerik- eta bere aurka borrokatzen bizitzeak deus gutxi du epikatik eta asko tragediatik.