Larunbatetik aurrera Iruñeko alkate izanen den Enrique Maia ultraeskuindarrak adierazi du bere lehenbiziko -eta berehalako- neurriak izanen direla Armada etorbideari "Armada etorbide" izena ematea berriz eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen argazkiari merezi duen tamaina eta lekua ematea.
Eta jajajajaja, zelako barreak egin ditugun adierazpen horiekin. Ergelkeria horiek ez omen baitira iruindar gehienen interesekoak. Maia fatxa hutsa da, kontu identitarioak axola zaizkio bakarrik... Eta bla, bla, bla.
Baina bi aldaketa kosmetiko horien ondoren etorriko dira aldaketa sakonagoak, lasai.
Hauteskunde kanpainan Joseba Asiron alkategaiak hainbatetan erran zuen nahiago zuela aldaketa sakona, aldaketa lasterra baino. Eta, zera, esaldi hori Asironen zuri-beltzeko argazki batekin laguntzen baduzu, guatxaperako mezu polita gelditzen ahal zai, bai. Baina pixka bat aztertuz gero, berehala gelditzen da agerian, nire ustez, Aldaketak izan duen akats nabarmenena.
Armada etorbideari apirilaren 29an aldatu zioten izena egiazki, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Agian, akaso, beharbada, apika, duela hiru urte aldatu izan balute, Maiak orain birritan pentsatuko luke izena aldatu baino lehen.
Aldaketa mantsoko estrategia okerraren bertze adibide bat: Iruñeko Udala aurtengo otsailaren 15ean hasi zen logotipo berria erabiltzen, gaztelaniari eta euskarari garrantzi bera ematen dio hori. Ez dakit Maiak aldatu nahiko duen, baina kontuan izanik logotipo berriak ia ez duela biderik egin, batere arazorik ez du izanen.
Eta bertze adibide bat, hau bai munta handiagokoa. Iruñeko Udalaren euskararen ordenantza berria legealdiaren azken osoko bilkuran onartu zuten, maiatzaren 2an! Badakizue zenbat kostatuko zaien Maiari eta Esporrini ordenantza hori aldatzea? Ea, egin apustuak.
Hemendik 20 urtera Iruñean berriz ere Aldaketaren alkateren bat baldin badago, mesedez, faborez, otoi eta arren, aldaketa guztiak, sakonekoak zein kosmetikoak, egin daitezela legealdiaren lehenbiziko hilabetean. Horrela, bederen, lau urtez gozatuko ditugu.