Kaka zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2019ko mar. 12a, 12:18

Duela hilabete, alai antzean agertzen ginen hemen, Nafarroako fatxek lau alderdi izanen baitzituzten aukeran maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan eta, beraz, haien boto asko eta asko zakarrontzira joanen zirelako. Baina nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Azken orduetan, UPNk akordioa lotu du PP eta Ciudadanos alderdiekin eta Navarra suma izenarekin aurkeztuko dira hirurak hauteskundeetara.

Anitzetan errana dut hiru laurdeneko analista naizela eta, hartara, ez espero niregandik azterketa sakon eta burutsu bat. Nire analisiak tripetatik ateratzen dira maiz eta gaurkoan nire tripetan katu guztiak dantzan ditut. Beldur naiz.

Zuek ongi gogoratzen duzue zer zen UPNren bota autoritario eta baztertzailearen azpian bizitzea? Nik bai. Kaka zaharra zen. Holaxe, labur-labur eta sinple erranda.

Eta kaka zahar haren alde, hau da, UPN, PP eta Ciudadanosen alde, 2015eko hauteskundeetan 115.977 nafar eskuindar espainolista lerratu ziren. Eta horiek guziek berriz ere emanen dute botoa kaka zaharraren alde. Ez dute boto bakar ere galduko.

Aldiz, bertze aldean, kaka berritzearen aldekoen artean, oso ziurra da ez dituztela berriz 2015eko 160.352 botoak berreskuratuko. Izan ere, "Aldaketa" deitu dugun hori kaka izan da, ez ditu gauza asko aldatu edo berandu aldatu ditu, edo %100era ailegatu beharrean %78an gelditu da, eta bla, bla, bla... Bai, bai. Aldaketa kaka izan da eta nik, gutiziak bakarrik jaten dituen gourmet honek, nolatan emanen diot botoa kaka bati?

Bada, kaka nahi ez badugu, kaka zahar, autoritario eta baztertzailea datorkigulako gainera.

Zuk aukeratu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!