Nor baino nor fatxagoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2019ko ots. 12a, 13:02


Iragan igandean fatxa ugari bildu zen Madrilen Espainiako banderarik handiena duen plazara. Berdin dio zenbat fatxa izan ziren zehazki, manifestazioa deitzearekin bakarrik lortu baitzuten haien lehenbiziko helburu praktikoa: Kataluniako independentistekin elkarrizketa izateko asmo ñimiñoena ere zapuztea, alegia.

Fatxa nahiko hitz lausoa da gurean. Jatorrian 'faxista' hitz ustez zehatzagoaren laburdura da. Baina erabilera anitzez zabalagoa du. Erranen nuke Espainiaren alde sutsuki eta itsuki egiten duten guztiei deitzen diegula fatxa, izan faxista ala ez. Eta talde zabal horretan sartzen dira igandeko manifestazioan egon ziren denak, baita UPN ere.

UPN fatxa horien guztien manifestazioan egon baitzen, harro-harro, jende gutxirekin baina lehen lerroan, "Espainiaren batasunaren alde", "Espainia herri handia dela sinesten duten guztien arteko akordioaren alde". UPN sartua baitago inor baino fatxago agertzeko lasterketa sutsu eta itsu horretan.

Eta, zera, gaizki ez. Nafarroako fatxek lau alderdi izanen dituzte aukeran heldu diren foru eta udal hauteskundeetan. Erran nahi baita aurreko hauteskundeetan hiru alderdi aukeran izanda bat Parlamentutik at gelditu bazen, agian oraingoan lau alderdi aukeran izanda bi kanpoan geldituko dira bidean milaka eta milaka boto zakarrontzira botaz. Nork daki. Amets egitea libre. Dena dela, zuek, fatxen aurkakook, badaezpada ere, ez utzi kaleak betetzeari eta ez utzi zuengandik hurbilen dagoen alderdia bozkatzeari. Ez despistatu, gero!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!