Adarrak okerrak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2019ko urt. 15a, 12:46

Akerrak adarrak okerrak ditu. Edo akerrak adarrak okerrak lituzke, eta ez *okerak, baldin eta semea R gogorra ahoskatzeko gai balitz. Baina ez da gai, edo ez daki, edo ezin du. Batek daki. Eta horregatik logopeda batengana eraman nahi dugu. Eta euskaldunok hizkuntzarekin dugun obsesio patologiko horrengatik, semea gure etxeko mintzairan artatuko duen logopeda baten bila gabiltza.

Baina ez dago erraz, aizue. Interneten bilaka ibili naiz, baina ez dut aurkitu Iruñerrian zerbitzua euskaraz eman eta halaxe iragartzen den logopeda euskaldunik. Azkenean Twiterren galdera bota eta Burlatako Lecto zentroa aipatu didate. Deitu dut, eta baietz, euskaldunak direla, baina ikaragarrizko itxaron zerrenda dutela, eta afera premiazkoa ez bada, hobe dugula bertze inor bilatzea.

Eta zera, premiazkoa, premiazkoa, bada, ez dakit premiazkoa ote den. Jakin baitakit R gogorra ongi ahoskatu gabe ere semea goi mailako bertsolaria izan daitekeela, eta inoiz Euskal Herriko txapela irabaz dezakeela. Baina, aukeran, nahiago dugu orain gure esku dagoen guztia egitea semeak euskaldunondako hain beharrezkoa den soinu hori egiten lortze aldera.

Duela bederatzi urte, Iruñeko Alde Zaharrean "jatEKO" kontsumo taldea sortu genuelarik, buruhauste ederrak izan genituen arrautza ekologikoak aurkitzeko, garai hartan halakoen ekoizle bakarra baitzegoen Nafarroan. Azkenean, galdetu eta galdetu ibili baikinen, eta gurekin batera bertze kontsumitzaile askok eskaera sortu baitzuten, Nafarroako hainbat arrautza ekoizle ekologikoan egiten hasi ziren.

Bada, Iruñerriko logopedekin berdin egin beharko dugu. Argi eta garbi erran beharko diegu hemen negozio handia dutela, ager eta iragar daitezela. Euskaldunok adarrak okerrak nahi ditugula.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!