Mugikortasuna, hiltzailea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko urr. 2a, 12:20

Atzo Iruñean, autoaren mesedetan diseinaturiko mugikortasunak bere aurpegirik ankerrena erakutsi zuen berriz. 4 urteko haur bat hil zen, auto batek harrapatuta, bere familiarekin zebra bide bat pasatzen ari zela, eta semaforoa berde zutela.

Legealdia hasi zenetik, Iruñean, 14 oinezko hil dira ibilgailu motordunek harrapatuta. Hamalau. Aldaketaren legealdi honetan deus ez baita aldatu Iruñean harrapaketei dagokienez. Hildakoen kopuruari dagokionez, ez bederen.

Iruñeko Udaleko oraingo arduradunek errana dute 0 harrapaketa mortalen helburua bere egiten dutela. Baina orain artean, porrota erabatekoa da. Gogoratu zenbakia: hamalau.

Oinezkoen harrapaketak ez dira fenomeno meteorologikoak. Ez ditu naturak sortzen. Gizakiok ezarritako mugikortasun ereduaren ondorio dira. Eta hartara, gizakiok gauza asko eta asko egiten ahal ditugu ondorio horiek ahalik eta arinenak izan daitezen.

"Bai, baina beti egonen dira despisteak edo zoritxarreko gertaerak". Egonen dira bai, baina Iruñeko zebrabide guztietan oztopo fisikoak jartzen baditugu haien gainetik 30 kilometro orduko baino handiagoko abiadura eragozten dutenak, ikusiko duzue nola 0 harrapaketa mortalen helburu horretara hurbiltzen garen.

Autoen abiadura oztopatzeko neurriak hartzeko borondatea behar da, noski. Erabaki ausartak hartu behar dira. Eta erabaki horiek hartzen direlarik, merkatariek hobe dute isilik egotea, baita eskuin politiko-mediatikoak ere, azken hiru urteetako hamalau hildako horien ardura beraiena ere baita autoaren mesederako mugikortasun eredu hilgarri hau babesten duten heinean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!