Iruñean inkesta egin eta galdetuko bagenu ea zein ekitaldi handi egonen den Iruñean berean ekainaren 2an, ziur naiz erantzun bat ematen lortuko luketen gehien-gehienok erranen luketela euskararen aurkako manifestazio bat egonen dela (edo euskararen inposizioaren aurkakoa, erantzun emailea fatxa bada).
Soilik despistatu asozialen batek (edo Euskalerria irratiaren entzule fidel amorraturen batek) erantzunen luke ekainaren 2an Alternatiben Herria ospatuko dela Iruñean.
Euskararen aurkakoek nahikoa izan dute Nafarroan eskela gehien saltzen duen egunkariaren azal bat, den-denok jakin dezagun zer eginen duten ekainaren 2an. Aitzitik, Alternatiben Herria antolatzen ari diren 70 talde eta kolektiboek hilabeteak daramatzate matraka ematen, eta aizue, ikaragarri kostatzen ari zaie beren publiko potentziala izanen denarengana ere ailegatzea.
Informazio gaindosiaren garai hauetan, kristalezko sabai bat baitugu buru gainean, zenbait informazio gizartearen gehiengoarengana iristea oztopatzen duena. Nik ez dakit nork paratu zuen sabai hori hor; eta konspirazio teorien oso zalea ez naizenez, ez diot errua bakarrik sistema maltzur aurpegi gabeari egotziko. Baina kontua da sabaia hor egon, badagoela, eta bere funtzioa ederki betetzen duela.
Aski ongi frogatu ahal izan dut asteotan, Alternatiben Herriaren komunikazioan murgilduta egonda, informazioa nire gertukoengana ere heldu ez dela ikusita.
Nolanahi ere, eta ezkortasunean ito nahi ez dudanez, buka dezadan gaurko nire arrangura hau sabaia kristalezkoa dela eta beraz apurtzen ahal dela gogoratzen. Beraz, hartu ohar garbia agendan: ekainaren 2an, Iruñean, fatxen manifest... eeeeee.... zera... Alternatiben Herria. Hori. Alternatiben Herria.