Aukera organikoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko api. 24a, 14:31

Aurreko batean elkarrizketa egin zioten Berria-n Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilariari. "Organikoa bereiztea: hori dugu erronka". Huraxe izan zen Ion Orzaiz kazetariak elkarrizketaren lerroburu gisa paratu zuena, Isabel Elizaldek solasaldian Hondakinen Legea izanen denaren nondik norakoak azaltzen baitzituen. Apirilaren 24an onartuko omen dute legea, Elizalderen hitzetan bere departamentuaren lehentasunetako bat izan den legea. Bada, ez didazue ukatuko harrigarria dela lehentasun horrek hiru urte behar izatea argia ikusi ahal izateko. Baina, tira, bederen onartuko dute, eta ospa dezagun.

Ospa dezagun, ala ez. Izan ere, Elizaldek berak dioenez, Nafarroa oso urruti dago Europak hondakin frakzioetarako ezartzen dituen gutxieneko ehunekoetatik. Organikoarekin bereziki gaizki egiten dugu Nafarroan eta, orain, lege berriarekin, Nafarroako biztanle guzti-guztiei aukera emanen diete zabor organikoa bereizteko. "Aukera". Aukera emanen diete organikoa bereizteko. Alegia, aukera emanen diete organikoa EZ bereizteko.

Iruñerrian, Nafarroako mankomunitaterik handienean, borzgarren edukiontziaren sistema ezarri zuten organikoa bereizteko. Borondatezko sistema da, eta horregatik datu arras apalak eman ditu orain arte. Herritar gehienen borondatea ez baita izaten nahi genukeen bezain ona.

Nafarroan errauste planta eraikitzeko bidea itxi zuten orain Nafarroako Gobernuan daudenek. Ongi. Baina organikoaren kontu honetan, ausardia handixeagoa eskertuko nuke nik. Bertzeak bertze, organikoa bereizten dugun gutxi horiei tonto aurpegia jar ez dakigun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!