Etengabeko errepresioa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko api. 10a, 13:55

Guardia Zibilak Katalunian Errepublika defendatzeko batzordeen aurkako polizia operazioa abiatu duen honetan, eta Espainiako ezkertiar zintzo asko estatuaren benetako aurpegi errepresiboaz jabetzen hasiak diren honetan, agian aipatzekoa da atzo 30 eta 24 hilabeteko kartzela zigorrak ezarri zizkietela Erronkariko hiru gazteri 2014an faxista batzuei nahi zutena egiten ez uzteagatik.

Eta Erronkariko albiste hori aipatu nahi izan dut gaur hemen, iruditzen baitzait oso oihartzun txikia izan duela kontuak. Apenas zabaldu den.

Ziurrenik, Altsasuko gazteen aurkako auzia izan da gurean azken urteetan Espainiak egin duen ankerkeriarik handiena. Zorionez, gazteak eta beren familiak ankerkeriaren horren tamainako elkartasuna jasotzen ari dira, pairatzen ari diren sufrimendua hein batean arintzen lagunduko duena. Handia izan da azken bi hilabeteetan Nafarroaren luze-zabalean egin duten ekitaldi sorta; handia izan da sindikatu gehienen aldetik eta Parlamentuko gehiengoarengandik jaso duten babesa; eta are handiagoa izanen da larunbateko manifestazioa. Astelehenean hasiko da haien aurkako epaiketa, eta orain sentitu behar gaituzte inoiz baino hurbilago.

Hori guztia hala da. Baina Altsasukoei gure esku dagoen guztia eman behar diegun modu berean, Erronkariko gazte horiek ere ezin ditugu ahantzi, kartzela zigorra ezarri baitiete dagoeneko.

Espainiak sarekadaka zabaldu du eta zabaltzen ari da errepresioa Euskal Herrian, sudur-puntan jartzen zaion guztien kontra egiteko. Bada, geuk ere modua aurkitu beharko genuke gure elkartasuna guztiei helarazteko, errepresio kasu txikiagoak gure maitasun sareen zuloetatik ihes egin ez dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!