Adi entzule agurgarriok, itzulipurdi metaforiko handi samarra eginen baitut gaur. The Big Bang Theory telesaileko pasarte gogoangarri bat ekarri nahi nuke. Badakizue, zientzialari frikiei buruzko komedia estatubatuar irrigarri hori.
Bada, atal baten hasieran, Amy Farrah Fowler neurobiologoak lur jota uzten du Sheldon Cooper fisikari teorikoa. Raiders of the Lost Ark filma ikusi berri dute eta Amyk erran du gustatu zaiola, ongi dagoela, baldin eta alde batera utziko bagenu filmaren gidoi akats nabarmen bat.
Izan ere, Amyren teoriaren arabera, Indiana Jones protagonista duen istorioan Indiana Jonesek ez du batere rol garrantzitsurik jokatzen. "Filmean ez balego ere, gauza bera gertatuko litzateke. Indiana Jones gabe ere, naziek itun kutxa aurkituko lukete, irekiko lukete eta den-denak hilen lirateke".
Bada, gogoratzen duzue Yolanda Barcina 13TV katean egin zuen bisitetako batean nola erran zuen UPNren ingeles eskaintzari esker euskara gutxiago eskatzen zela? Barcinak nolabait iradoki zuen PAIrekin D ereduaren gorakada gelditu zutela.
Baina ez. D ereduak gutxienez bi hamarkada daramatza Nafarroan ez aurrera eta ez atzera, eta British ereduak hasieran edo PAI programek gero ez diete gehiegi eragin. Barcinaren zoritxarrerako, Indiana Jonesek bezala, PAIk ez du D ereduaren geldialdian rol garrantzitsurik jokatu.
Hori bai, PAI programek sekulako astindua eman diote A ereduari. Eta 2000 urtean euskararekin batere harremanik ez zuten ikasle nafarrak %40 baziren, orain erdia baino gehiago dira. Baina hori bertze film bateko istorioa da.