Zein da "Ongi etorri" esamoldearen kontrakoa? "Gaizki etorri"? Bada, horixe.

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko urt. 9a, 14:36

Jakinen baituzue gaur Mister Marshall datorkigula bisitan, Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Serna, alegia. Den-dena irensten duen abiadura handiko trenak Nafarroan suntsituko duen zatia zein izanen den baieztatuko digu ministroak.

Abiadura handiko trenaren aurkakoek elkarretaratzea antolatu dute De la Sernari errateko gaizki etorria dela, ez dutela Madrilen inposiziorik nahi eta trena bai, nahi dutela, baina ez halakoa, baizik eta publikoa eta soziala.

Elkarretaratzea egin aitzin idatzi ditut lerrook, baina nik uste aurreikus daitekeela lau katu egonen garela. Erran nahi baita ehun pertsona elkartuko bagina ere gutxi izanen ginatekeela abiadura handiko trena egiten ari den eta eginen duen triskantzaren tamainarako.

Gaur ezkor jaiki naiz, eta barkatu, e, baina ez dut uste inor ezustean harrapatuko dudanik erraten badut abiadura handiko trenaren aurkako borrokak ez duela sekula lortu herritar masa handirik erakartzea Nafarroan. Nik uste AHTaren aurkariak ongi borrokatu direla, kalean zein auzitegietan, kontra eginez eta alternatibak eskainiz. Baina ez da modurik izan. Jende gehien-gehienari bortz axola zaio, nahiz eta ustelkeriaren habia izan, nahiz eta ingurumenean ikaragarrizko suntsiketa eragin, nahiz eta merkantziarik ez garraiatu, nahiz eta milioi eta milioi euro irentsi, nahiz eta gutxi batzurendako trena izan, nahiz eta hiriburuak ez diren gainontzeko lurraldeak bakartu...

Ez dakit zuek, baina ni gaur triste nago, abiadura handiko tristuraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!