Izquierda - (ejem) Ezkerra

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko abe. 5a, 13:19

"I-Ek, gainera, harrotasunez hartzen du rol hori, herritarrei erakutsi nahian bera dela aldaketaren gobernuari euskararen esparruan –identitarenean, diote haiek– mugak jartzen dizkion indarra".
Halako esaldia idatzi zuen aurrekoan Xabier Letona Argiako kazetariak Izquierda - (ejem) Ezkerra koalizioak euskararekiko duen jokabidearen inguruko artikuluan. Nik zuzenketa txiki bat eginen nioke, eta "harrotasuna" jartzen duen tokian "harrokeria" paratu.

Gogoan izanen baituzue, noski, Angel Acebes Espainiako Barne ministroak bota zuen astakeriarik handiena Euskaldunon Egunkaria itxi zutelarik: euskarazko egunkari bakarra ixtea euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintza zela.

Bada, Izquierda - (ejem) Ezkerraren harrokeriak Acebesen harropuzkeria dakarkit gogora niri. Atzo, adibidez, enegarren aldiz.

Orreaga Fundazioak Izquierda - (ejem) Ezkerrari Leringo kondea saria eskaini izanak koalizio ezkertiar espainolistari azkura eman dio, antza, eta atzo mezu bat zabaldu zuen Twitterren, gaztelania hutsez noski, erraten zuena azken hamarkadetan (!!) beraiek inork baino proposamen gehiago aurkeztu dituztela Euskararen Legea zabaltze aldera.

Bada, hala izanen da. Ziurrenik, beraiek izanen dira indarrean dagoen Euskararen Lege murriztailea errotik alda ez dadin aldaketa kosmetiko gehien proposatu dituztenak. Horretan zalantzarik ez.

Eta bide horretan, erabat koherentea da zerrenda bakarraren kontura eginen duten zerrikeria. Pertsona zehatz batzuen eskubide sozialak urratzen segituko dute. Eskubide sozialen defentsarekin paparra lehertzeraino betetzen zaien hauei behin eta berriz erran behar baitzaie Irakaskuntzako irakasleak hautatzeko probetan zerrenda bakarra ez ezartzeak pertsona jakin batzuen eskubide sozialak urratzen dituela, bigarren mailako herritarrak balira bezala tratatzen dituela, izurria balute bezala baztertzen dituela.

Eta barkatuko didazu, entzule, gaurko purrustada hau, baina Izquierda - (ejem) Ezkerra egitera doana oso-oso larria da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!