Opor aurreratuak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko eka. 6a, 12:43

Seme-alabak institutura joateko adinean dituzuenok konturatuko zineten aurten zer edo zer arraroa gertatu dela. Zuetako askok haurrak etxean izanen dituzue dagoeneko, egonean, alferkeriatan, kopetan "opor mode ON" marraztua dutela. Ikasturte honetan, ikasle anitzen oporrak nahikotxo aitzinatu baitira

Nafarroa Garaiko Hezkuntza Departamentuak iraileko azterketak kendu eta ekainera pasatu ditu. Eta horrekin hankaz gora jarri du aurtengo ikasturte bukaera.

Egiaren aitortzeko, nik ez dut garbi iraileko azterketak ekainera pasatzea pedagogikoki ona den ala ez. Ideiarik ez. Pentsatzen dut zenbait ikasgaitan 5etik hurbil daudenendako gauza ona izanen dela; baina uda benetan aprobetxatzen zuten txapeldunendako txarra izanen dela.

Hori bai, dena gainditzeko ohitura makurra duten ikasleendako pagotxa izanen da hau. Izaten ari da. Hezkuntza Departamentuak institutuei erran digu ikasle guzti-guztiek eskolara joan behar dutela ekainaren 16 arte, eta irakasleek guztiendako eskolak prestatu behar dituztela. Erraten erraza, egiten ez hainbertze.

Nola lotu eskolara maiatzaren 26tik edo lehenagotik dena gainditua duela dakien institutukumea? Niri oso gauza zaila iruditzen zait. Horregatik, ongi legoke hurrengo ikasturterako Hezkuntza Departamentuak zerbait planifikatzea eta institutuei eta gurasoei jarraibide zehatz-zehatzak ematea. Bertzenaz, 12 urtetik aurerragoko ikasleek oporrak ekainaren hasieran hasten dituztela onartzen hasi beharko dugu. Eta piszinak lehenago bete, noski.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!