30 urteko b(p)orrok(t)a

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko mai. 30a, 12:30

Ekainaren 4an, igandearekin, Bardeako tiro eremuaren aurkako ibilaldia eginen dute. Enegarrenez. Zehatzago, hogeita hamargarrenez. Aski ongi zenbatuak baitituzte eginiko ibilaldi guztiak.

Aurtengo aldiaren aurkezpenean, antolatzaileek erran dute "atsedenik gabeko borroka" izan dela azken 30 urte hauetakoa eta "inoiz baino arrazoi gehiago" dagoela borrokan segitzeko. Ez dakit, bada, azken horrekin ados ote nagoen; nik erranen nuke duela 30 urte ibilaldi hau egiteko zeuden arrazoi berberak daudela oraindik ere mahai gainean. Eta horrek erakusten du tiro eremuaren aurkako borrokak 30 urteko porrota duela sorbalda gainean. Porrot erabatekoa. Hori ezin da ezkutatu.

Ibilaldiaren antolatzaileek Nafarroako Gobernuari eta gobernua sostengatzen duten alderdiei eskatu diete zer edo zer gehiago egiteko. "Adierazpenak ongi daude, baina ez dira nahikoa", erran dute. Eta erabat ados horretan. Baina ibilaldiaren antolatzaileek lan pixka bat gehiago egin beharko dute tiro eremua eraistearen aldeko alderdi politikoekin. Izan ere, 28. ibilalditik, EH Bildu osatzen duten alderdiek ez dute ibilaldi hau babesten. LAB sindikatuak lehenago utzi zion babesteari.

Ez dut ideiarik ere nork duen errua sektarismoaren txapelketa dirudien honetan. Baina ez badugu lortzen tiro eremuaren aurkako indar guztiak tiro eremuaren aurkako ekitaldi nagusia omen den honetara biltzea ere, jai dugu. Bertze 30 urtez, jai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!