... atzo goizean ikusi zintudan... Erlaxatuegia ikusi zintudan. Lasaikerian eroso. Horixe uste du, bederen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta pentsatu ez ezik, erran ere egin zuen atzo. Rementeriaren aburuz, bizkaitarrek ez dituzte hondakinak behar bezala bereizten, erlaxatu egin baitira.
Rementeria maite ... atzo goizean ikusi zintudan... Irrigarri gelditzen ikusi zintudan. Kalean zure aginduz lurrera botatako plastikozko ontzi garbi eta berri piloa biltzen eta edukiontzi horietan sartzen eta, bide batez, Bizkaiko birziklatze tasa desegokiaren errua bizkaitarrei egozten.
Bizkaian 2005etik badute errauste planta bat, Gipuzkoakoak bezalaxe, izenetik beretik herritarrez trufa egiten duena: Zabalgarbi. Zabaltzen duena ez baita garbitasuna. Eta errauste planta ireki zutenetik, harrigarriki, Bizkaiko birziklatze tasak ez du hobera egin. Lehen, Diputazioak erraten zuen tasa %60ren bueltan zegoela. Ekologistak Martxan elkarteak zuzendu behar izan zion datua, eta Rementeriak atzo onartu zuen baietz, %40ren inguruan dabiltzala.
Eta, agian, Rementeriak arrazoi du. Ziurrenik, bizkaitarren ehuneko handi batek du honen guztiaren errua.
Eta Nafarroan, herritarren ehuneko handi batek du gure lurraldean errauste plantarik ez egitearen errua. Zorioneko errudunak gu.