Desarme ideologikoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko api. 25a, 12:51

Anitzetan, Venezuelako bandera astintzen du Partidu Popularrak Espainiaren luze zabalean dituen ustelkeria kasuak estaltzeko. ETAren komodina ere erabiltzen du maiz, nahiz eta komodin horrek aspaldi eman zituen eman beharreko etekinak.

Nafarroan, UPNk eta PPk Uxue Barkos lehendakariari galdetu diote ea zergatik elkartu zen Euskal Herriko bertze bi lehendakariekin eta armagabetze batzordearekin ETAren "antzezlanari" babesa emanez.

Lehendakariaren alderdiaren izenean, Gero Bairen izenean alegia, Koldo Martinezek erantzun dio galdera horri. Nafarroako Gobernuak armagabetzean eginiko urratsak goraipatu ditu Martinezek eta gaineratu du armagabetze hori "beharrezkoa" eta "premiazkoa" zela, baina etortzeko dagoen "desarme ideologikoa" are inportanteagoa dela.

Bai, jaun-andreok, duela pare bat aste Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak erabili zuen esamolde berbera erabili zuen Martinezek atzo. Eta haratago joanez, garrantziaren araberako sailkapen bat egin zuen Martinezek, eta desarme ideologikoa benetako armak entregatzearen aitzinetik paratu zuen.

Geroa Baiko bozeramailearen hitzak euskaraz eta gaztelaniaz entzun nituen. Beraz, pentsatzen dut ez zirela bat-batean bururatu zitzaizkion adierazpenak izan. Hala ere, gustura irakurriko nuke Geroa Bai alderdi abertzaleak ETAren "desarme ideologiko" horretaz duen iritzia. Zuek ez?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!