Ekialdea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko mar. 14a, 12:42

Noiz edo noiz tokatzen da gipuzkoar edo bizkaitar euskaldun maitagarriren bat zirikatzea bere burua nafartzat aurkezten duelako. Halakoetan saiatzen naiz umorea erabiltzen, eta saiatzen naiz ikusarazten nafarra izatea ez dela inolako mauka; zehatzago erranda, nafar euskalduna izatea ez dela pagotxa.

Konparazio batera, atzo berean Nafarroako Parlamentuak adierazi behar izan zuen Antzingo alkatea babesten duela zer eta bertako udalak eskatu duelako herria eremu linguistiko mistoan sartzea eta, beraz, hizkuntza eskubide gutxi-gutxi batzuk errespetatzea.

Eta hauxe da gure eguneroko bazka. Nafarroa Garaian etengabe ibili behar izaten baitugu nafar euskaldunok gure nafartasun eta euskalduntasun bateragarriak azpimarratzen. Autogorroto ariketa ikagararrian, anitz eta anitz baitira euskara eta euskaldunak maite ez dituzten nafarrak.

Horregatik, zeuen burua nafartzat jotzen duzuen bizkaitar eta gipuzkoarrok, erran behar dizuet asko maite zaituztedala eta asko maite zaituztedalako ez dizuedala halako gaitzik opa.

Kontrako bidean, EAEzentrismoak jota zaudetenoi, eta euskaraz mintzatzerakoan edo idazterakoan Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa Euskal Herritik kanpo uzten dituzuenoi, edo "gu euskaldunok" bezalako esamoldeetan Ekialdekoak kanpoan uzten gaituzuenoi, bada, zuoi, inolako garraztasunik gabe, gripe txiki bat opa dizuet. Ez oso handia, e, baina ohatzean pare bat egunez jarriko zaituztena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!