Behinola, animaliek eta landareek hizketan zekiten garaian, erakunde, alderdi eta elkarteen komunikatuak fax izeneko makina baten bidez jasotzen genituen erredakzioetan.
Garai hartatik, bereziki gogoan dut faxaren paper kiribilean tinta gutxirekin izkiriaturiko bat: Ituren eta Zubietako alkateek bidali zutena. Ia hogei urteko kontu batez ari naiz, e! Bada, ordu hartan, alkateek komunikatu bat bidali zuten gogorarazteko beren herrietako pertsonaia nagusiak joaldunak zirela, eta ez zanpantzarrak. "Ostia!" batekin bukatzea bertzerik ez zitzaion falta komunikatu hari, handia baitzen tonuari zerion asperdura eta amorrua.
Antzeko tonua duen komunikatua egin dute oraintsu Ituren eta Zubietako alkateek. Oraingoan, zalaparta handia sortu duen animalia hilen erabilera gaitzetsi dute eta erran dute animalia hilak erakustea ez dela Ituren eta Zubietako inauterien parte.
Ituren eta Zubietako inauteriak ikaragarri gustatzen zaizkit, joaldunen seriotasunak eta mozorroen lotsagabekeriak sortzen duten irudi ederragatik batez ere. Anitzetan ikusi izan ditut zuzenean (kazetari eta irakasle gisa) eta gehiagotan ikusi izan ditut Youtuben (guraso gisa), eta zeraaaa... ejem... okertzeko beldurrik gabe erran dezaket animalia hilen zatiak erakustea ez dela aurtengo kontua bakarrik.
Hortxe utziko dut.