Segregazioa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko ots. 21a, 12:18

Gogoratuko duzue agian. 2014ko urtarrilaren 9an Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu zuen ikastetxeetan eredu linguistiko ezberdinak harmonian eta elkarbizitza ederrean bizi daitezen. Mozioa, nola ez, Izquierda - Ezkerrak aurkeztu zuen eta talde parlamentario guztiek alde bozkatu zuten, EH Bildurenak izan ezik.

Mozio hura oinarri hartuta, UPNren gobernuak hainbat ebazpen ezarri zituen ikastetxeetan eredu ezberdinen arteko elkarbizitza lantzen dela ziurtatzeko. Noski, neurri horiek D eredua zuten jomugan, Nafarroako ikastetxe gehienak erdal eredu bakarrekoak baitira eta beraz ez dute zertan euskaldunekn nahasi.

Nolanahi ere, mozio hark eta UPNk gero ezarritako neurriek argi erakutsi zuten zenbait politikarik ez dakitela non bizi diren eta/edo bortz axola zaiela errealitatea nolakoa den.

Izan ere, ordutik, Sarrigurengo eskola ereduen arabera bitan banatu dute, guraso gehienek hala eskatu zutelako. Iruñeko iparraldean eginen duten institutu berria D eredu hutsezkoa izanen da, gaztelaniazko ereduak ez duelako bertze ikastetxe baten beharrik. Eta orain Hezkuntza Departamentuak -demokrazian sinesten badu, bederen- bitan banatu beharko du Buztintxuriko eskola, hango guraso gehienek erabaki baitute eskola hizkuntza ereduen arabera banatzea, antolakuntzarako, elkarbizitzarako eta hizkuntzen garapenerako onena delako.

Horixe ba. Beharrik gizartea ez den gure zenbait politikari bezain ergela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!