Penduluarena

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2016ko aza. 22a, 12:33

- 2016ko azaroaren 22a da eta Nafarroan oraindik ikurrina debekaturik dago, Aldaketako lau indarrak ez baitira ados jarri Ikurren Lege berria egiteko.

+ Bai, baina aizu, atzo berean lau indar horiek Nafarroako sare publikoan abortatzea ahalbidetuko duen dekretua aurkeztu zuten azkenean.

- Egia. Baina ospitaleetako janaria banatzeko zerbitzua ez dute publiko eginen.

+ Bai, ordea, janari hori prestatzeko zerbitzua.

- Ezin uka, noski. Eta ezin uka Gobernu honek ez duela deus ere egin LOMCE Nafarroan ezar ez dadin eta ez duela, era berean, irakasleen eskola orduak gutxitu.

+ Ez dizut horretan arrazoirik kenduko, ez. Baina ikasle taldeen ratioak jaitsi ditu eta aurreko Gobernuak gastatu ez zituen milioiak eta milioiak gastatuko ditu ikastetxe berriak egiten.

- Baina zaude, zaude. Euskararen legea ez dute ukituko eta bide seinale bakar bat ere ez dute oraindik aldatu.

+ Ez dizut ezetz erranen. Baina orain aldatuko dituzte bide seinale gutxi batzuk, eta bidea ireki dute eremu ez-euskalduneko haur guztiek sare publikoan euskaraz ikasteko aukera izan dezaten.

...

Orain, hemen. Orain, han. Hemen. Han.

Aldaketa dela eta ez dela... Penduluarena egiten ari naiz.

Zuek ere bai?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!