Nik uste beti saiatu izan naizela hizkera gatazkatsuari iskin egiten. Eta gaurkoa bezalako egun batean ere nahi nuke halaxe jokatu.
Nahi nuke, bai, gizartea zapalduen eta zapaltzaileen artean ez bereizi.
Nahi nuke zakur, zerri, suge eta euskal zoologikoak eskaintzen dituen irain guztiak ez erabili.
Nahi nuke “mendeku gose”, “etsai”, “gerra makinaria” eta gisako esamoldeak biltzen dituen esaldirik ez idatzi.
Nahi nuke Espainiako ezkerraren elkartasun mezu andana irakurri.
Nahi nuke nire subkontzientean ez lotu gure agintarien izenak eta “epel”, “koldar” edo “kolaborazionista” bezalako izenondoak.
Nahi nuke kazetaritza ezabatzen duten gezur, desinformazio, kriminalizazio eta manipulazioak existituko ez balira bezala bizi.
Nahi nuke nire bihotzetik gorrotoa, nazka eta amorrua bezalako sentimenduak ezabatu.
Nahi nuke bertze sei ohe hutsen oihua ez entzun.
Nahi nuke.
Hainbertze gauza nahi nituzke.