Cordovillakoen xelebrekeria bat (bertze bat)

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2016ko eka. 1a, 12:43

Aurrekoan solasaldi xelebrea izan nuen Twitterren. Erran nahi baita ohikoa baino xelebreagoa.

Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak hasi zuen eztabaida. Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariaren orrialde bat paratu zuen, eskuz banakako finalaren bezperako artikulua zekarrena; eta Luis Guineari -alegia, egunkari horretako kiroletako buruari eta gainera artikulu hori idatzi zuenari- leporatzen zion artikuluan adierazten zela finala Euskal Telebistan erretransmitituko zutela, baina ez zuela erraten Nafar Telebistan ere emanen zutela.

Luis Gineak gaizki hartu zuen eta erretorikoki galdetu zion ea Nafar Telebistan bere egunkaria aipatzen ote duten inoiz eta, egitekotan, ez ote den kritikatzeko beti.

Orduan sartu nintzen ni. Eta ikusirik Luis Ginearen profilean adierazten zuela "hondarribitar petoa" zela, zera erran nion euskaraz: "Luis Ginea, zuei ongi informatzea interesatzen zaizue, ez? Nafarroan orain ez da ETB ikusten, eta NTB, bai".

Eta bere erantzunean jo zuen absurdoak goia. Gaztelaniaz erantzun zidan: "Ziur naiz [ETB] gure egunkarian, nire etxean eta Nafarroako iparraldean ikusten dela".

Nik erantzun nion berak jakin bazekiela nafar gehien-gehienok ezin genuela ETB ikusi. Baina zertarako? Hortxe utzi baitzuen berak eztabaida, Iñaki Redinen haserrea piztuz, ezin baitzuen irentsi Gineak idatzirikoa.

Nafarroako egunkari horri bortz axola zaio errealitatearekiko zintzo jokatzea, edo areago, gezurretan aritzea. Eta nik ez dakit zer ari naizen hemen, minutu bat xahutzen, aurkeztezin horien inguruan hizketan. Barkatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!