Gogoratuko duzuenez, aurreko batean UPNk bere X. kongresua egin zuen eta bertan onartu zuten ponentzia programatikoan adierazi zuten, Gobernura itzuliz gero, D eredua kenduko dutela eremu ez-euskalduneko sare publikotik. Betikoa.
Ponentzia horren aldeko boto uholdean pertsona bakar baten abstentzioa egon zen, eta niri bururatu zitzaidan Twitter bidez Iñaki Iriarte UPNko parlamentari euskaldunari galdetzea ea berea izan ote zen. Iriarteri lau egun kostatu zitzaion erantzutea, baina adeitasun osoz ihardetsi zion nire itaunari.
"Eskubide bat eman ostean zaila eta desegokia iduritzen zait ukatzea. Baina nire iritzi pertsonala da".
Uste dut ia inork ez zuela Iriarteren erantzun hori irakurri, eta horregatik ekarri nahi izan dut honera. Pentsatzen baitut garrantzitsua dela azaleratzea euskara zabaltzearen aurkako UPNren jarrera irrazionalean badela gutxienez pertsona bat hain-hain-hain muturreko jarrera ez duena.
Nik ez dakit Iriartek zenbateko indarraz defendatzen duen bere iritzi pertsonal hori UPNren barnean. Hori jakiteko, galdetzen segituko beharko dugu.
Beraz, Iñaki Iriarte, nire semeek Doraemon euskaraz ikusteko eskubidea hartua zuten eta egunero praktikan jartzen zuten. UPNren ekimenez, eskubide hori bihar kenduko diete . Ongi iruditzen zaizu?