Demagun espainola naizela

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2016ko api. 20a, 12:22

Demagun espainola naizela. Munduko hiritarra eta hori guztia, badakizue. Baina espainola.

Ez naiz aberatsa, baina ongi bizi naiz, eta nire ingurukoak ere ongi bizi daitezen nahi dut. Horregatik, nire kezka nagusiak langabezia eta ustelkeria dira. Eta baita terrorismoa ere. Batez ere ekintza terroristek Europako hiri handietako jende arrunta jo mugan dutenetik.

2004ko martxoaren 11n ulertu nuen gure segurtasun indar gehienak terrorismo islamistari begira jarri behar zituela Espainiak. Areago, ETA mapatik desagertu zen unetik. Bai, espainola naiz, baina ez tontoa. Garai batean oso kezkaturik nengoen ETA erakunde terroristak egiten zituenekin. Baina badira urte batzuk deus ere egiten ez duela, ez? Erabat ahantzirik dut kontu hori, eta nahiz eta hedabideetan agertzen segitzen duen, ez diot kasurik egiten.

Facebooken irakurri dut Nafarroan 8 pertsona atxilotu dituztela Udal batek emandako baimenarekin egun argitan horma-irudi bat margotzeagatik. Muralean "tortura" hitza idatzi zuten eta horrek "Guardia Zibila iraintzen" duela leporatu diete.

Sare sozialetan dabiltzan xelebrekeria horietako bat iruditu zait albistea. Baina pentsatzen jarri naiz. Zenbat diru kostatu zitzaigun (zortzi eskutitz bidali beharrean) zortzi pertsona atxilotzeko polizia operazio handi hori egiteak?

Espainiak Nafarroan duen ordezkariaren izena bilatu dut Googlen: Carmen Alba. Eta Espainiako Poliziak Nafarroan duen buruarena: Daniel Rodriguez. Dimisioa eman beharko lukete, noski, espainol guztion dirua halako txatxukerietan xahutzeagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!