Gauza jakina da Belgikan 541 egun eman zituztela hauteskunde orokorrak egin eta Gobernua osatu zuten arte. Ez da errekor makala, gero. Eta ez omen zen deus ere gertatu. Areago, diotenez, eurogunekoa baino hazkunde handiagoa izan zuen, langabezia jaitsi egin zitzaion, eta defizit publikoa murriztu zuen.
Batek daki, baina agian, Espainia deitzen duten horretan, Belgikako adibideari segitu nahi diote, ea horrela ekonomiak benetan hobera egiten ote duen eperantzan.
Iragan urteko abenduaren 20an egin zituzten hauteskundeak. Gogoratzen? Gaurkoarekin, 115 egun joan dira gobernurik gabe. Bueno, hori ez da egia, jarduneko Gobernua badago, Mariano Rajoyk buru duena, eta horrek ez du lotsarik Nafarroako eta EAEko legeak Auzitegi Nazionalera eramaten segitzeko, edota PPren ustelkeriaren gaineko gezurrak erraten jarraitzeko.
Nire analisi sakonak irakurtzeko edo entzuteko aukera izan duzuenok, honezkero, jakinen duzue hiru laurdeneko analista politikoa naizela. Hiru laurden, asko jota! Hala ere, zera erraten ausartuko naiz: akaso, agian, apika eta beharbada, Espainia deitzen duten horretan, hauteskunde orokorrak eginen dituzte berriz ekainaren 26an. Geroa Bai, EH Bildu eta Cambio – Aldaketa hautagaitza fantasma babestu zenuten alderdi guztiok: pentsatu duzue zer eginen duzuen hauteskundeak berriz izatekotan?