Ez dakit zuek baina ni Madrilera trenez joan izan naizen bakoitzean Atochako geltokia zapaldu dut.
Ez dakit zuek baina ni Londresen izan nintzen behin, ingelesa ikasteko bidaia batean, eta autobus bikoitz horietako batean ibili nintzen. Baita metroan ere.
Ez dakit zuek baina nik bizpahiru aldiz bisitatu dut Paris eder hori, Paris oh la la, eta parranda ere egin dut Parisko karriketan, triki eta panderoa eskuetan harturik.
Ez dakit zuek, baina niri pare bat alditan egokitu zait Bruselako aireportuan egonalditxoa egitea. Bruselako kaleetan paseo luzeak eman ditut eta argazkia egin dut Manneken Pis eskulturaren ondoan, metroa hartu baino lehenago.
Ez dakit zuek baina ni Sirian egon nintzen behin, turista gisa, gerra lehertu aitzin noski. Eta herri harekin maitemindu nintzen arras.
Siriarekin ia egunero akordatzen naiz. Izugarri atsekabetzen bainaiz handik datozen irudiekin, eta are gehiago handik ihesi dabiltzan pertsonekin egiten ari direna ikusirik.
Baina gaur Brusela dut gogoan. Bruselako kaleetan paseo luzeak eman izan baititut.