Denbora gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2016ko ots. 24a, 12:40

A ze matraka ari garen ematen! Astunak baino astunagoak gara. Ene! Zail egiten da, ordea, sartu gaituzten zirimolatik ateratzea.

Lehen euskararen inguruko astakeriak erraten bazituzten, halako hamar botatzen baitituzte orain egunero-egunero. Ezin isilik gelditu. Biologikoki ezinezkoa dugu. Ez erran ezetz.

Dena dela, eskuin espainolista zaunka ari bada, bederen, egin dezala egiten ditugunengatik eta ez egiten ez ditugunengatik.

Erran nahi baita Aingeru Epaltzak atzo adierazi zuen "Mendozaren estiloaz" kutsatu dela Asiron. Hiperboletzat joko dut ateraldia. Asiron ez baita kikildu, Asironek ez baitu euskararen inguruko bere erabakietan atzera egin. Beharbada Aingeruk ez daki, baina Iruñeko Udalak hainbat bilera egin ditu zenbait haur eskolatako zuzendariekin, gurasoekin eta langileekin. Konparazio batera, Arrotxapean eraikin batetik bertzera aldatuko gaituzten gurasoekin gutxienez hiru aldiz batzartu dira erabakia hartu baino lehen.

Eta sinets iezaidazue, aski ongi esplikatu dituzte gauzak. Kontua da ulertu nahi duenak ulertu egin duela eta nahi ez zuena zaunka hasi dela. Edozein gobernu ekintzaren ondorio da hori. Ezinezkoa baita herritarren %100aren alde gobernatzea.

Gaur berean, Sagrario Aleman kexu agertu da Berria-n egin dioten elkarrizketan Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioan urrats txikiak egin dituelako. Aringarri gisa-edo, Sagrariok erran du egia dela "denbora gutxi" pasatu dela.

Bi egun denbora gutxi da. Hiru aste ere bai. Baita hilabete bat ere.

Zazpi hilabete ez da denbora gutxi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!