UPNkoa jauntxokeriaz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2016ko ots. 3a, 12:32

"Kontxo! Gustua ematen du UPNko hautetsi batek euskaraz ongi idazten duela ikusteak"

Halako txio gogotsua idatzi nuen iazko irailean Iñaki Iriarte UPNko parlamentaria Santi Leonerekin euskaraz euskararen inguruan eztabaidatzen ibili zelarik. Baina nahikoa. Akitu zait lilura.

Gaurgero ez zait erakargarri egiten Iñaki Iriartek euskararen zabalkundearen kontra egitea, euskaraz eginagatik ere.

Atzo, Iriartek erran zuen Nafarroa Garai osoan euskaraz ikasteko aukera ematea "cacicada" bat zela, jauntxokeria alegia. Nik eskatu nion, mesedez, "cacicada" horren azalpena emateko, zer erran nahi zuen hobeki ulertze aldera, eta berak esplikatu zidan bere ustez "cacicada" dela "gutiengo baten eskakizuna ororen zergekin ordaindu beharko baita".

Unibertsitateko irakasle batengandik argudio sendoagoak nahi nituzke jaso.

Honezkero, Iriartek jakin beharko luke 26 parlamentari 24 baino gehiago direla eta, oraingoz bederen, UPN gutxiengo politikoan dagoela.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinaturiko akordio programatikoan jasoa dago hezkuntza politika gidatuko duten printzipioetako bat izanen dela "euskararen irakaskuntzaren zabalkundea". Hori da, Iriarte jauna, gehiengoak nahi duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!