Diru kontu xelebre bat

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko aza. 18a, 13:00

Nafarroako Gobernuak heldu den urteko aurrekontuak aurkeztu dituen honetan, diru kontu bitxi bat aipatu nahiko nuke. Ea ongi eta labur esplikatzen dudan.
Hezkuntza Departamentuak institutuei eskatu digu DBHko 3. mailan ematen diren Matematika saio guzti-guztien erregistroa egin dezagun, egunez egunekoa, 2020. urte arte.

LOMCEk behartuta, DBHko 3. mailan bi Matematika mota ezberdin eskaini behar ditugu, akademikoak eta aplikatuak. Espainiako Gobernuak, batek daki nola, lortu zuen Europako Batasunak dirutza ordaintzea lege horrek ezartzen duen hori egitearen truke.

Bada, kontu horrengatik, Nafarroara 4 milioi euro eroriko omen dira eta orain institutuei dagokigu justifikatzea DBHko 3. mailan Matematika saio guztiak ematen ditugula. Horretarako, irakasleek 3. mailan Matematika saio bat ematen duten bakoitzean sinatu behar dute paperezko erregistroan. Bai, paperean. 2015. urtean.

Paper pilo 4 milioi euroren truke. Baina orain dator graziosoena. Lau milioi horiek institutuetara ailegatuko dira? Ez du zertan. Hezkuntza Departamentuak jasoko ditu? Ez du zertan. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren kutxa orokorrean sartuko dituzte milioiak eta gero horrek nahi dituen moduan erabiliko ditu.

Xelebrea bada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!