Zenbatean dago dinamita kiloa? Halako galdera lotu zitzaidan atzo gogora gaurko manifestu hau prestatzen hasi nintzelarik. Eta iritzi-emaile on guztiek egiten duten gisara, dokumentatzen hasi nintzen, informazio bila, interneten. Hortaz, bilatzailean, “prezio”, “dinamita” eta “kilo” hitzak idatzi nituen. Eta buzeatzen hasi nintzen, harik eta konturatu nintzen arte bilatzailean “prezio”, “dinamita” eta “kilo” hitzak idatzita Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Agentziaren ordenagailuek karpeta bat zabalduko zutela niretako propio, ikono gisa meloi bat izanen zuena.
Alegia, ez dut ideirik ere gaurko egunean zenbatean dagoen dinamita kiloa. Ez merkatu beltzean, ezta merkatu zurian ere. Eta, beraz, ez diot Nafarroako Gobernuari erraten ahal zenbateko inbertsioa egin behar duen. Baina berdin dio. Ez dut uste legearen arabera eraturiko gobernu demokratiko batek arazo handirik izanen duenik dinamita kilo batzuk erosteko.
Beraz, Ruben Goñi, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari txit agurgarria: eska iezaiozu zure lehendakari andereari diru pixka bat, eros itzazu 100 edo 200 kilo dinamita, eta zarta ezazu Reino Navarra Arena pabiloia, lurrarekin berdintzeraino.
[eta kiloren bat sobratuz gero, leher itzazu era berean Los Arcoseko zirkuitua eta Arguedasko Senda Viva parkea, azken horretako animaliak askatu eta gero, noski]