“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, desenkusatu zen Zyklon B gasaren giltza irekitzen zuen soldadua.
“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, arrazoitu zuen atxilotuei informazioa ostiaka ateratzen zien poliziak.
“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, argudiatu zuen milioika autoren softwarea faltsutu zuen ingeniariak.
“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, zuritu zen pestizida baten kalteen inguruko txostenak makillatzen zituen kimikariak.
“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, adierazi zuen atzo Osasuna Fundazioko zuzendari ohi Diego Makirriainek, Iruñeko epaitegietan inputatu gisa deklaratu ostean.
Irabazi asmorik gabeko fundazio horrek 12 milioi euroko zorra pilatu zuen Makirriain zuzendari zela. Goikoari zor zaion obedientzia aipatu zuen Makirriainek epailea konbentzitzeaz gain bere kontzientzia lasaitzeko. Baina ez bata eta ez bertzea ez ditu lortuko, ezta?