Atzo jakin genuen urtebeteko kartzela zigorra ezarri diotela 2012an Iruñeko zebra bide batean 43 urteko gizon bat harrapatu eta hil zuen auto gidariari.
Epaiak dio harrapaketaren unean auto gidariak ez ziela “batere arretarik jarri zirkulazioaren inguruabarrei”. Badakizue, bere gauzatan pentsatzen joanen zen. Eta, halako batean, PUM! (edo bertze soinu idor eta hilgarri bat). Eta, 18 metro haratago, pertsona bat lurrean etzanda. Hilik.
Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta ez du kartzela zapalduko. Baina nik ez dut gidari despistatu horrek kartzela zapaltzea nahi.
Ziudadelako harresian esaldi hauek hizki larri eta gorritan idazten jarriko nuke nik, latinez nahi bada:
- Urtero, Iruñean, bizpahiru hildako izaten dira auto istripuetan.
- Hildakoak beti, edo ia beti, oinezkoak dira.
- Kasu guzietan, hildakoak eragiten dituen makina motordun ibilgailu bat da.
- Iruñean, hiru egunean behin, auto batek oinezko bat harrapatzen du.
- Oinezkoen hamar harrapaketetatik zazpi semafororik gabeko zebra bideetan izaten dira.
- Zebra bide guztiak goratuko bagenitu eta ondoan semaforoa jarriko bagenie, berehalakoan lortuko genuke auto gidari despistatu guztien arreta.