Errealitateak gai anitz oparitzen dizkigu egunero-egunero, haien gaineko manifestu bat egitea merezi dutenak. Eta hala ere, batzuetan kosta egiten da baten edo bertzearen aldeko hautua egitea.
Gaurko, banituen bi gai, gertukoak biak, nire ahoberokeriaren bat merezi zutenak.
Hitz egin nahi nuen Nafar Telebista berriaz eta haren ongi etorri mingotsaz. Eta aipatu nahi nuen NTBren lehenbiziko emisioa etsigarria izan zela nire ustez, pikutara bidali baitzuen euskarak gaurgero irabazia zuen esparru bat: pilota partiden emankizunena.
Hitz egin nahi nuen zaborra botatzeko borzgarren edukiontziaz, Iruñeko gero eta auzo gehiagotan duguna. Eta aipatu nahi nuen patetikoak iruditzen zaizkidala sistema honen bitartez Mankomunitatea lortzen ari den ehunekoak. Eta salatu nahi nuen ez dela batere bidezkoa sistema hori zabor ekoizle guztiendako derrigorrezkoa ez izatea, egiten ari diren moduan gehien kutsatzen dutenak saritzen ari baitira.
Alegia, sudur puntan jartzen zaidana errateko nire eskubidea praktikan jarri nahi nuen bertze behin ere.
Baina Guardia Zibila etorri zaigu enegarren aldiz, ate joka, zein estatu nazkagarrian bizitzera behartzen gaituzten gogoraraztera.