Santamariakeriak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko mai. 13a, 12:06

Alphonse Gabriel Caponeren traza hartu izan diot beti Simon Santamariari, Iruñeko udaltzainburu ohiari. Kasu, kasu, ez naiz erraten ari Santamaria mafioso hutsa denik. Ezta hurrik eman ere. Jainkoak libra nazala halako erkaketa egitetik.

Baina ken iezaiozue bizarra Santamariari. Eta hortxe duzue Capone. Porlanez beteriko bidoi baten ondoan; bidoian eskua sartuta duen bi ekintzaileetako bati ostikoa ematen; bidoia gutxika-gutxika mugitzen ekintzaileek mina har dezaten; bidoiaren gainean oina jarrita zapataren lokarriak lotzen.

Al Capone Chicagoko (AEB) gaizkile guztien buru omen zen eta sekulako gaiztakeriak egin omen zituen. Baina delitu zibilizatuago batengatik epaitu eta zigortu zuten; zerga ordainketak saihesteagatik, alegia.

Atzo, Simon Santamariaren aurkako ahozko epaiketa zabaltzeko agindua eman zuen Mari Paz Benito epaileak. Prebarikazioa eta lankideen kontrako jazarpena leporatzen dizkio. Tira, ez dira buruan ditugun santamariakeria guztiak, baina halakoetara ailegatuta ez gara txikikeriatan galduko, ezta?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!