Eztabaida ezinezkoak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko api. 22a, 12:28

Sanferminetako entzierroak kentzea da, nik zer dakit, sanferminetako entzierroak kentzea bezalakoa.

Une honetan, ez zait eztabaida ezinezkoagorik bururatzen. Eta ez dut hau erraten entzierroen aldekoa naizelako. Ez. Ez naiz. Nire iruindartasun peto-petoaren estandartea haizatuta, entzierroaren kontrakoa naizela aitortuko dut berriz.

Baina ez naiz itsua, eta ikusten dut arras gutxi garela halaxe pentsatzen dugunok –edo, bederen, hori aitortzen dugunok– eta akaso horregatik ez dugula deus ere egiten errealitate hori aldatzeko.

Aurreko batean, Aranzadi ekimeneko buruak zer edo zer erran zuen entzierroaren inguruan. (Eta parentesien artean nik gaineratuko dut Podemos eta bere sateliteen anbiguotasuna eta definiziorik eza esperpentikoak direla batzuetan). Bada, ematen du Aranzadikoak entzierroa kentzearen inguruko hausnarketa lasaia egin behar dela iradoki zuela.

Baina nahikoa izan zen “entzierro” eta “kendu” hitzak esaldi berean lotzea, Enrique Maia alkate erregionalista karisma gabeak altxor bat aurkitu zuela pentsa zezan.

Ez dakit. Iruditzen zait gogorarazi beharrekoa dela hauteskunde kanpainan gaudela eta, oraingoan bai, irabazi nahi dugula, betikoek irabaz ez dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!