Hauspoak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko api. 15a, 13:02

Iragan astelehenean, Nafarroa Garaian eskela gehien saltzen dituzten egunkarien ranking-ean bigarren sailkatua dagoen berripaperak bortz zutabeko titularra eskaini zion Diego Paños izeneko bati. Politika saileko lehen orrialdeko artikulu nagusia ere hari eskainia zegoen.

Ciudadanos eskuineko alderdi espainolistaren Nafarroako zerrendaburua izanen da Paños. Iragan igandean hauteskunde primarioak egin zituzten alderdian eta Pañosek botoen %67 erdietsi zuen.

Emaitza ona, ezta? Bada, igandeko hauteskundetxo horietan 42 pertsonak bozkatu zuten -alderdiak 66 afiliatu omen ditu Nafarroan-, eta Pañosek 28 boto eskuratu zituen.

Eta 28 boto ziztrinekin Paños eskuindarrak lortu zuen bere izena egunkari sozialdemokrata horren azalean modu nabarmenduan agertzea.

Zenbait inkestak diote Ciudadanosek 4 parlamentari lortuko dituela maiatzeko Nafarroako foru hauteskundeetan. Baina nola da posible Nafarroan apenas ezarria dagoen alderdi batek halako emaitzak lortzea?

Akaso, zenbait hedabideren nahitako zein nahigabeko jardunak hauspotzen ditu horrelako alderdiak.

Eta pentsatzen jarrita, zaudete pixka batean: Zer arraio ari naiz ni hauetaz hizketan?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!