Aluminiozko zalantza

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko mar. 11a, 13:51

Gure institutuan, atsedenaldietan, ikasleek bi hondakin mota sortzen dituzte gehien: zukuen tetrabrikak eta ogitartekoak biltzeko aluminiozko papera.

Nerabeek, baina, arazo handiak dituzte hondakin horiek zakarrontzietan saskiratzeko. Punteria eskasekoak antza, badakizue. Hala, tetrabrikak eta aluminiozko papera edukiontzi horian bota behar zituztela gogorarazteko kartelak egitea otu zitzaidan aurrekoan.

Baina orduan zalantza: aluminiozko papera birziklatzen da? Interneten sartu nintzen eta han eta hemen aurkitu nituen erantzunak baiezkoak ziren. Bai, %100ean birziklatzen da eta, zikin ez badago, edukiontzi horira bota behar da.

Iruñerriko Mankomunitatea, ordea, bertze planeta batekoa omen da. Haien webgunean erraten baitute aluminiozko papera ez dela edukiontzi horira bota behar, gainerako hondakinen edukiontzira baizik.

Hori irakurrita, Mankomunitatera deitu nuen, benetan hala zen galdetzeko. Eta telefonoa hartu zidanak erran zidan hala zela, Iruñerrian aluminiozko papera ez dela edukiontzi horira bota behar Mankomunitateak ez duelako hondakin hori birziklatzeko modurik.

Harrigarria, ezta? Ala ez hainbertze?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!