Miguel Sanz, ate birakarien lehendakari: urtero 114.000 euro poltsikoratzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko mar. 5a, 11:56

Miguel Sanz. Arg: directe.cat

Miguel Sanz Sesma Nafarroako presidente ohiak 114.778 euro kobratzen ditu konpainia ezberdinen eskutik, Noticias de Navarra-k jaso duenez.

Hogei urte daramatza Nafarroako goi mailako politikan murgilduta, eta duela zazpi urte utzi zuen presidente kargua Miguel Sanzek. Espainiako Poliziaren Delitu Ekonomiko eta Fiskalen Unitatea (UDEF) Sanzen diru-sarreren jatorria ikertzen hasi zen 2015ean, Nafarroako Kutxaren desagerpenaren auziaren barruan. Ikerketa bukatzen ari den honetan, poliziak ebatzi du 2011 arte Nafarroako Kutxako presidente izan zenaren diru-sarreretan ez dela legez kanpoko zantzurik aurkitu. Alabaina, hain da zehatza UDEFek landutako txostena, Miguel Sanzen jardun profesional zein pertsonala ezagutzea ahalbidetzen baitu.

Miguel Sanzek 2011n utzi zuen Nafarroako Gobernuko presidentetza, hautagaitza UPNko Yolanda Barcinari esleituta, eta bere bidea enpresagintzara bideratu zuen: Audenasa (Autopista de Navarra SA) enpresatik 13.016 euro jasotzen zituen, Nafarroako Gobernuak %50aren jabetza duen kontseiluan aritzeagatik. 2012an, Bodega de Sarriako presidente bihurtu zen, eta bertatik 17.000 euro jaso ditu urtero.

Poliziaren txostenak azaltzen duenez, 2011ko abenduaren 15 eta 2016ko uztailaren 5a artean Sanzek 192.333.13 euro jaso zituen.

Nafarroako presidente ohiak eraikuntzatik bideratzen du diru-sarreren kopuru handi bat. VDR enpresak nominan jarri zuen Sanz, eta 2013ko urtarrilaren 10etik 2.560 euroko ordainketa jaso du hilero. Ordainketa  hau hileroko 1.590 eurora murriztu zen 2016ko martxotik aurrera.

Aipatutako diru-sarrera guztiez gain, Miguel Sanzek bestelako bitartekoetatik ere jasotzen zituen ordainketak. 2005 eta 2015 artean, 36.600 euroko hamar sarrera jaso ditu eskudiruan, gehienak 2013tik 2015era; eta 2012tik 2016ra 14.064 euroko hamabi sarrera txeke bidez. Sarrera hauek guztiek ez dute kontzepturik agirietan.

Bestalde, 2005etik aurrera, Nafarroako Kutxako kontseilarien dietak hazi ziren bilera informatiboei esker: urte horretan bertan, Sanzek 10.381 euro jaso zituen sei hitzalditara joateagatik. Azkenik, poliziak 36.321 euroko diru-sarrerak aurkitu ditu 2001 eta 2004 artean, enpresa desberdinetako partizipazioen eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!