Euskal hedabideen sareko kontsumoak %10 egin du gora

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 20a, 19:39

Hekimeneko hedabideen webguneek gora egiten jarraitzen dute, Iaz 20 milioi bisita baino gehiago izan zuten denera.

Argian ikusi.

Hekimeneko hedabideen webguneek gora egiten jarraitzen dute: aurreko urtean baino %10 bisita gehiago izan zituzten 2016an; 20 milioi bisita baino gehiago denera. Goraka horren nondik norakoak azaltzen ditu elkarteak bere webgunean.

Azken lau urteak kontuan hartuz gero, 2012. urtetik hona trafikoa bikoiztu egin da euskarazko hedabideen webguneetan. Igoera honetan eragin nabaria izan du aztertutako webguneen kopuruaren igoerak —Euskal Herri osoko berrogeita zortzi hedabideren atarien kontsumoa aztertzen du elkarteak diseinatutako Hekimen Analytics ikerketa tresnak—, baita sektorean nagusi diren hedabideen webguneetan gertatu den kontsumo igoerak ere.

Interneteko trafikoa hazten ari da inguruko gainerako hedabideetan ere, mundu osoan gertatzen ari den kontsumo aldaketaren adierazle nagusia baita sareko joan etorria. Hekimen Analyticsen jasotako emaitzak Euskal Herriko beste hedabide batzuen datuekin alderatuz gero, iazko %10eko igoera hori inguruko beste hedabideetan gertatutakoa baino txikiagoa da. Denbora tarte luzeagoa hartuz gero, Hekimeneko hedabideen azken urteotako hazkundea nabarmen handiagoa izan da inguruko hedabideetan baino. Kataluniako beste hedabide zenbaiten datuekin erkatuz gero, bai azken urtekoak zein azken lau urteetakoak, esan behar da euskal hedabideen kontsumoa gehiago hazi dela katalanena baino. Bi alderaketa horiek kontuan hartuta, urteko %10eko hazkundearen datua positibotzat jo du elkarteak.

Mugikorretatik, erdia baino gehiago

Trafiko hori batez ere mugikorretatik hazi dela nabarmentzen dute datuek; ordenagailu bidezko kontsumoak, aldiz, gero eta proportzio txikiagoa dauka kontsumo orokorrean. Gailu mugikorretatik (tabletak zein sakelako telefonoak) iristen diren bisiten kopurua ordenagailutik datozenak baino gehiago dira: %55 eta %45, hurrenez hurren. 2011. urtean, bisiten %3 ingurukoa egiten zen telefono mugikorraren bidez; iaz, aldiz, %44ra iritsi zen. Ordenagailuen joera bestelakoa da: kopuru absulutuetan eutsi dio 10 milioi inguruko bisitari, baina kontsumo hori pisu erlatiboa galtzen ari da urtez urte. Webguneak banan-banan aztertuz gero, desberdintasunak badaude: hazi diren webguneak batik bat mugikorrei esker hazi direla esan daiteke.

Azpimarratzeko beste datu bat da tokiko hedabideak hazi direla gehien azken urtean: ia bi milioi bisita irabazi dituzte, eta bisitak ia bikoiztu egin dira azken bi urteotan. Gorakadaren arrazoien atzean, bi nagusi: webgune berriak sortu izana eta hedabide bakoitzak trafikoa irabazi izana. Hekimeneko webguneen trafiko osoaren erdia da tokiko hedabideei dagokiena (%49 pasatxo). Kontuan izan behar da kopuruz ere nagusi direla tokiko hedabideak: 31 webgune, aztertu diren 48 webguneen %65.

Hedabide orokorrek ere trafikoa irabazi dute 2016. urtean (%2 hazi dira). Batez ere trafiko mugikorra izan da igoera eragin duena, 1,2 milioi bisita gehiago etorri baita bide horretatik. Bost webgune desberdin sartu dira multzo honetan, Hekimen elkarteak aztertzen dituenen %10.

Hedabide tematikoek %15 inguruko hazkundea izan dute azken urtean. Hekimeneko webguneetan batez beste gertatutakoa baino handiagoa, beraz. Hedabide tematikoetara iristen diren bisitak hedabide guztien bisiten %4 inguru dira. Kasu honetan, ordenagailua da oraindik gailurik erabiliena, alde handiz: mugikorretatik iristen direnak halako bi iristen dira ordenagailutik. 12 webgune aztertu dira multzo honetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!