Punto de Vista jaialdiko zuzendaritza artistikoa utziko du Oskar Alegriak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 6a, 07:47

Zinema dokumental jaialdiko zuzendaritza artistikoa utziko du aurtengo edizioaren ondoren. Hala iragarri du jaialdiak bere webgunearen bitartez, programazioaren berri ematearekin batera.

Lehenik eta behin, data: martxoaren 6tik 11ra bitartean izango da jaialdia otsailean izan ordez, zinemarekin lotutako beste nazioarteko zitekin bat ez egiteko. Eta lehenbiziko aldiz antzerki-dokumental formako aperitifa izango du, Gayarren martxoaren 5ean eta 7an ikusiko diren antzezlanen bidez. Obra horiek errealitatea kontatzeko dugun moduari buruzko gogoeta proposatzen dute, zinema jaialdiak bere orain arteko edizioetan egin duen bidetik.

Pelikuletan, gai sozialak nagusi: Treblinkarako trenak eta Greziako eskuin muturreko manifestazioak; krisi ekonomiko bortitz honek bikote-harremanetan duen eragina; autismoaz ezohiko moduan hitz egiten duen film bat; Occupy mugimendua eta Pussy Riot… Adi, dena den: garrantzitsuena ez da zernola baizik. Proiektatuko diren 18 filmetatik bakoitza “duen kalitate estetikoagatik hautatu da eta besteei egiten dien ekarpen formal bikain eta osagarri gisa pentsatuta dago, dokumental esperimentalaren alorrean”, jaialdiaren arabera.

Ehiztari ehizatua

Lehiaketatik aparte, “Ehiztari ehizatua” saileko filmek deitzen dute arreta, bost zuzendariren urratsei segika egindako dokumentalak direlako. Bost, eta ez edozein: Jean-Luc Godard, Abbas Kiarostami, Raoul Ruiz, Chris Marker eta Manoel de Oliveira. Ekoizpen berri samarrak dira sail horretatik pasako direnak eta galdera amankomun bati erantzuteko asmoak batzen ditu: nola filmatu zinemagile bat?

Luciano Emmer zuzendari italiarraren lana errepasatzen duen zikloak eta gizakiaren hegan egiteko desioari buruzko filmek osatzen dituzten aurtengo atzera-begirakoak. Eta euskal pilota ardatz duten bi film ere eskainiko dituzte Oteiza fundazioarekin elkarlanean.

Baluarte jauregia izango da festibalaren gune nagusia aurten ere, baina Huarteko arte garaikideko zentrora ere iritsiko da Sergio Oksman zuzendariaren tailer bati esker. Eta Alegriak ere tailer bi emango ditu Vazquez de Mella eskola publikoan eta Jaso ikastolan; saio horien emaitza jaialdian bertan ikusi ahal izango da.

 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!