UGTren eta CCOOren aurrekontuen zati handi bat UPNren gobernuek ordaindu dute

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 31a, 19:20

UGT eta CCOO sindikatuen egoitzak Iruñean.

UPNren gobernuek –PSNren sostenguarekin– oso harreman estuak izan dituzte UGT, CCOO eta Nafarroako enpresarien elkartearekin (CEN). Elkarrizketa sozialaren aitzakian haien artean bideratutako hitzarmenak giltzarri izan dira UPNren erregimenari eusteko.

[Argian irakurri]

Egunotan Diario de Noticias-ek hitzarmen horiei buruzko hainbat informazio argitaratu du Ibai Fernandez kazetariaren eskutik, batez ere 1998tik 2015era UGTk, CCOOk eta CENek kutxa publikoetatik jasotako dirutzaz. Diru emaria ohikoa da foru erregimena finkatu zenetik, baina areagotu egin zen 1998an Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NEZ) eratu ondoren. NEZek 60 milioi euroko aurrekontua izan du urteko eta diru horren erabilera Gobernuak, bi sindikatuek eta CENek erabakitzen zuten. Aurrekontu horren %54 Foru Gobernuak jarri ohi du, Estatuak %42 eta %4 EBk.

Gobernuak, UGTk, CCOOk eta CENek 20 hitzarmen sinatu dituzte denbora honetan guztian eta horiek bideratzeko aurrekontuekin, UPNren Gobernuak hiru erakundeen ohiko gastuak ordaindu ditu neurri handi batean, bereziki bi sindikatuenak. Nafarroako Kontuen Ganberaren arabera, adibidez, 2008 eta 2013 artean hiru eragile sozialen artean 115 milioi euro jaso zituzten, hiru zati berdinetan bantuak.

Eskema horren barruan, UGT eta CCOO administrazioarekiko menpekotasun maila handira iritsi dira. UGTrentzat, esaterako, jasotako diru-laguntza horiek bere ohiko gastuen %60 ziren eta CCOOren kasuan %40. CCOOk, dena den, bere fundazioa –Anafe– eta bere formazio zentroa –Forem– diru publikoz finantzatu ditu osorik. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren memorietako datuetan ikus daitekeenez, 2015ean UGTk 250.000 milioi euro jaso zituen bere gastuetarako, urte hartarako zituen 402.000 eurotik %63.

UGTk erabat zeukan integratua bere ohiko jardunean finantzazio molde hau. Adibide bat: 2015eko UGTren lan taldea 97 pertsonakoa izan bazen batez beste, eta horietatik 62 NEZeko hitzarmenetan jardun bazuten, hitzarmen horietan emandako denboraren ehunekoa, sindikatuko egoitzen gastuetan ere ehuneko hori gobernuko diru-laguntzetatik ordaintzen zen.

Egoitzen gastuekin gertatzen den bezala, gertatzen da gainerako alor askotan: zuzendaritzako kideen soldatak –haiek enplegu programak zuzentzen zituztelako, adibidez–, ikastaroak edo sindikatuek antolatutako hainbat jardunaldi. Honek guztiak argi erakusten du, funtsean, sindikatu hauen jardunaren zati handi bat diru publikoz finantzatu dela.

Ikerketa zabala eskatzen ari da

UGTk eta CCOOek gastu guztiak ongi justifikatuak daudela erantzun dute, programa denak fiskalizatuak daudela eta guztiak “zintzotasunez eta eraginkortasunez” garatu direla. Ez dute ukatzen diru hori guztia jaso dutenik, eta defenditzen dute ongi erabili dutela: “Bakarrik 2011tik 2014ra 100.000 pertsonari eman diegu zerbitzua, emaitza orokor nahiko onekin gainera”.

ELAk ere iaz gogor salatu zuen UPNko gobernua UGT eta CCOO finantzatzen ari zela. Orain UGTk gogor kritikatu du ELA, kontu honekin bi sindikatuen aurka daraman “gerra zikina”gatik.

Honen guztiaren aurrean, ELAk eskatu dio Gobernuari desegin dezala Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua, “bestela legitimatzen ari delako Enplegu Planean egon daitezkeen ehunka milioi euro horien gainean CCOOk, UGTk eta CENek duten erabaki ahalmena”. ELAk ezinbestekotzat du Legebiltzarrean hau guztia ikertuko duen ikerketa batzorde bat sortzea.

Nafarroako Gobernuan ere tirabirak sortu dira, bi norabidetan gainera. Batetik, Maria Solana foru gobernuaren eledunak astelehenean esan zuen egungo gobernua ez dagoela batere ados orain arteko funtzionamendu horrekin eta dirua kudeatzeko modu horrek “asko esaten duela, eta ez oso ona, diru hori kudeatu eta jaso dutenei buruz”. Ezkerrako parlamentari Miguel Nuinek berehala erantzun zuen Twitterren: “Oso larria da gobernuko eleduna UGTren eta CCOOren aurkako sektarismoarekin bat egitea. Horrela ez”. Ezkerrak ez du legez kontrako jarduerarik ikusten hitzarmen horietan.

Bestetik, Enplegu Planaz aritzeko Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua berpizten saiatzen ari da Nafarroako Gobernua, Manu Ayerdi Industria sailburuaren eskutik. UGT, CCOO eta CEN hor egongo direla adierazi dute eta ELAk eta LABek ezetz. Horren harira, EH Bilduk eta Ahal Duguk ez dute egokitzat Enplegu Plana foro horretan jorratzea; Geroa Bai eta Ezkerrak bai. Ahal Duguk, esaterako, astearte honetan egin du agerraldia gaiaz hitz egiteko eta Gobernuari sindikatuen finantzazioan gertatu dena ikertu dezala eskatu dio. “Legezkoa izan daiteke bai, baina legearen arabera, diru publikoz erreskatatua izan den banku batek ere familia bat etxerik gabe utzi dezake”, esan du Carlos Couso parlamentariak.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!