Bi aktibistak karabana bat gidatzen ari ziren, bertan zortzi errefuxiatu ezkutatu zihoazela. Haien helburua errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzea zen.
Baliteke errefuxiatuak dagoeneko aske egotea, ez baitute deliturik egin. Zuloaga eta Huarte, ordea, atxiloturik daude epailearen aurrean agertzeko zain. Giza trafikoaz akusatuak izateko arriskua dute; hori kartzela zigor luzeekin zigortzen da Grezian, biak kide diren Harrera Solidarioa kolektiboak jakinarazi duenez.
Harrera Solidarioak adierazi du bi kideek ez zutela gizakiekin trafikatzen: “Europako migrazio legeekin desobediente den iniziatiba baten bidez eginiko ekintza solidario bat zen”. Ekintzak kolektibo eta gizarte mugimendu ugariren laguntza jaso duela ere azaldu dute. Atxiloketaren berri izan eta gutxira, Huarte eta Zuloagaren askatasuna eskatzeko sinadura bilketa abiarazi dute change.org plataformaren bitartez.
"Giza eskubideei zor diegu obedientzia"
Atxilotuak izanez gero publiko egiteko prestatutako bideoa zabaldu du Harrera Solidarioa kolektiboak. Horretan, Huartek eta Zuloagak honakoa diote: "Adierazi nahi dugu pertsona errefuxiatuak ilegalki ekarri ditugula. Historiako sarraski handienekin konpara litekeen basakeria honekin bat ez egiteak ekarri ahal dizkigun ondorioak gure gain hartzen ditugu".
Bi atxilotuek diote "giza eskubideei" zor dietela obedientzia, "eta haien urraketari desobedientzia". "Mugak milaka pertsonarentzako atxiloketa, deshumanizazio eta heriotza-eremu bihurtu dituztenei desobedientzia. Europako gobernuei desobedientzia". Argitu dute herri mugimenduetan dabiltzan hainbat lagunek finantzatutako eta irabazi asmorik gabeko ekintza egin dutela.
Hibai Arbide kazetariak twitter bidez zabaldu duenez, Huarte eta Zuloagak zeramatzaten zortzi pertsonetako batek esan du polizia behin eta berriro saiatu dela trafikatzaileak direla esan dezaten.
"Gobernuek izua legeztatzen duten artean, herritarrek, bihotz oneko pertsonek, desobeditzeko eskubidea dugu, pertsona errefuxiatuak ekartzen jarraitzeko eskubidea dugu, Euskal Herria harrera-lurralde bihurtzeko eskubidea dugu", gaineratu dute atxilotutako bi ekintzaileek.