PSNk Frantzian, Holandan eta Belgikan amiantoak sortzen dituen kalteak konpontzeko biktimentzat diru-funtsa dutela ohartarazi du. Amiantoaren eraginpean jartzeak minbizia sortzen duela frogatua dagoela gaineratu du alderdi sozialistak. Mesotelioma izeneko minbizia sortzen du amiantoak eta urtero 700 pertsonari diagnostikatzen zaie Espainiako Estatuan.
1994 eta 2008 bitartean amiantoak 3.943 hildako eragin ditu Espainiako Estatuan. “Diru-funtsa sortzeko arrazoiak badaude, kalteturiko langile kopurua handia baita”, adierazi du PSNk. “Enpresa erantzulea bilatzea korapilatsua da eta hori egitetik salbuetsi behar da langilea”.
Apirilean ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak amiantoagatik aurtengo zazpigarren biktima zenbatu zuen. 74 urte zituen gizonak eta 1963 eta 1997 bitartean Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegi enpresan aritu zen lanean. Amiantoak eraginda laneko gaixotasunaren aitorpena zuen eta kalteengatik salaketa ipinia zuen beharginak: enpresak 2016ko urtarriletik maiatzera atzeratu zuen eskaria.