Egunero 1,53 etxegabetze egiten dira Nafarroan, PAHek salatu duenez

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko eka. 20a, 08:45

Espainiako estatuko etxegabetzeen aurkako plataformek bilkura egingo dute Iruñean. Datua kongresua aurkezteko ekitaldian eman dute jakitera.

[Albistea Argian]

Hipoteka edo alokairua ordaintzeko ezintasunagatik 1,53 etxegabetze ematen dira egunero Nafarroan. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako (PAH, gaztelaniaz) Jesus Torresek eman du datua, eta etxebizitza publikoen gabeziarekin lotu ditu kaleratzeak.

Torresen arabera, 2015ean 427 salaketa jarri ziren Nafarroan. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformen bilkura egingo da asteburuan Iruñean, eta hura aurkezteko ekitaldian azaldu ditu datuok. Bertan izan dira, besteak beste, Joseba Asiron alkatea eta zenbait zinegotzi, PAH ezberdinetako kideekin batera.

Kataluniako Parlamentuak duela hilabete batzuk onartutako etxegabetzeen aurkako legea defendatzeko baliatu du ekitaldia Espainiako Estatuko plataformen eledun Carlos Maciasek. Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen lege hura, PPk helegitea jarri eta gero. “Lege horrek familiak zorraren uztarritik askatzen zituen, eta hutsetik hastea ahalbidetzen zien, gizarte-bazterketa eta ezkutu ekonomiatik aldenduz”, azaldu du Maciasek.

Horrez gain, gogorarazi du lege horrek “milaka etxegabetze” geldiarazi zituela, eta 32.000 familiari energia baliabideak ez moztea lortu zuela. Amaitzeko, Asironek azaldu du “etxebizitza duina izateko eskubidearen urratzea azken hamarkadetako arazo sozial handiena” dela, eta etxegabetzeen aurkako plataformei babesa adierazi die.

Kazetaria: Jon Ander de la Hoz Arregi

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!