Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak eta Gobernuak berak osatzen dute Fundazioa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kudeaketa izan du zeregin nagusi.
Ibilbide oso gorabeheratsua izan du Fundazioak urtetan, besteak beste ez direlako ondo definitu Santa Zezilia Elkartearekin izan beharreko harremanak. Kontuen Ganberak bere txostenean nabarmendu zuenez, indefinizio horrek diru joan-etorri irregularrak ahalbidetu zituen.
Gainera, erakundearen kudeaketa postua polemikak zipriztindu du, Florentino Brionesen gainsoldatak eta telebistako agerpenak medio.
Ezohiko argazkiak utzi ditu ibilbide alderrai horrek, adibidez, 2015ean, musika tresnak eskuan hartuta Orkestrako langileek egin zuten protesta, aurrekontu egonkorra eta kudeaketa publikoa eskatuz.
Baluarte Fundazioak har lezake ardura
Kapitulu berria hasiko du orain Nafarroako Orkestra Sinfonikoak. Ana Herrera Kultura kontseilariak Parlamentuan adierazi duenez, baliteke Baluarte Fundazioa arduratzea aurrerantzean Orkestraz. Baina beste aukera batzuk ere mahai gainean dauzkate, hala nola, merkataritza-sozietate bat osatzea Orkestraz arduratzeko.
1879an jaio zen Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Pablo Sarasate beraren eta Santa Zezilia Elkartearen eskutik. Munduko zortzigarren Orkestra Sinfoniko zaharrena da.